Mensaje de estado

Active context: single_blog

Hego Uribeko euskal dantza taldeek Bizkaiko Dantzari Egunean parte hartuko dute igandean

Undefined

Bizkaiko Dantzari Eguna ospatuko da maiatzaren 15ean Zamudion. Bizkaiko 64 taldek parte hartuko dute jaialdian, 3.500 dantzari inguru. Tartean Hego Uribe eskualdeko dantza taldeak arituko dira dantzan: Arrigorriagako Aritz Berri; Basauriko Edurre, Basauritar eta Agintzari; Etxebarriko Bekosolo; Galdakaoko Andra Mari; Ugaoko Etorki; eta Usansoloko Oinarin.

Eguna 10:00etan hasiko da: Zamudioko Bidekoetxe parkean batuko dira dantzariak eta 10:30ean kalejira egingo dute Txinbo kaletik. Emanaldi nagusia 11:30ean hasiko da Gazituagako futbol zelaian. Besteak beste, agintariena, zortzinangoa, ezpata jokoak, makil jokoak, agurra, zinta dantza, txulalai, zazpi jauziak, arku dantza, Eltziegoko dantzak, Kaixarranka eta Larrain dantza dantzatuko dituzte dantzariek. Arratsaldean, 16:30ean, erromeria izango da Agirre Lehendakaria plazan Luhatz taldearen eskutik.

“Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz egoera zaila bizi izan dugu. Hala eta guztiz ere, eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrari dagokion jarduerari dagokionez, bai dantzaren atalean, bai musikaren atalean, jarduera horrekin jarraitu dugu, ahal izan dugun neurrian eta beti ere dekretuetan une bakoitzean jasotako neurri soziosanitarioei aurre eginez. Hala ere, dantza taldeek babesgabetasuneko eta gogorik gabeko egoera orokor batean ikusi dute beren burua. Horregatik guztiagatik, inoiz baino beharrezkoagoa zaigu jarduera normaltasunez berreskuratzea. Ohiko jardunari berriro ekitea. Bizkaiko Dantzari Eguna urteko jarduerarik garrantzitsuena da gure Federazioarentzat eta elkarteko kideentzat. Antolaketan eta kolektiboen inplikazioan lan handia egitea dakar”, diote Bizkaiko Dantzarien Biltzarretik.

Bizkaiko Dantzari Eguna